Monthly Archives: martxoa 2017

Gure Oinez Basoaren landaketa akitu dugu

IMG_20170319_104257Zuhaitz egunerakin bat eginez, martxoaren 18an landatu genituen Oinez Basoaren bigarren lur eremuko landareak. Eguraldi bikainak lagunduta, ikastolako hainbat guraso, seme-alaba, irakasle eta ikasle ohi oinez abiatu ginen landaketa egitera, batzuk Otsondoko mendateko atseden gunetik eta beste batzuk Otsondo Ttikitik.

Gainekola herri lurrera iritsi eta helduak zein ikasleak, aitzurra eskuetan, lanean jardun ginen etorkizuneko gure basoa landatzen. Behin zuhaitz guztiak landatuta, Otsondo Ttikira oinez itzuli eta bertan genituen zain Guraso Elkarteko kideak hamaiketako goxoa emateko prest. Eta zinez goxoa zegoen. Zuhaitz egunari akabaila emateko modu ezin hobea izan zen.

Oinez Basoa ekimenari esker, bederatzi hektareako azalera basoberritu du Baztan Ikastolak Gainekola herri lurrean eta bi landare mota babestuz osatu du basoa: erramu portugaldarra edo loroa (Prunus lusitanica) eta karpea edo pago-lizarra (Carpinus betulus). Loroa Nafarroan harrapatzen ahal den toki bakarra Baztanen dago, Urritzate eskualdean. Eta Iberiar Penintsulan gutxitutako landarea da. Eta pago-lizarra, berriz, Pirinioetatik beheiti Iberiar Penintsula osoan, basa bakarrik harrapatzen ahal da Bortzirietan, Igantzi eta Arantza artean.Baztan Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortu duen bosgarren basoa da, 2008an Oinez Basoa abian paratu zenetik.

  • Zuhaitz eguneko argazkiak ikusteko klikatu hemen
Advertisements