Monthly Archives: apirila 2018

Hizkuntza ohiturak astindu!

Euskaraldia_logoa (1)

Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen du Euskaraldiak: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.
Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen du Euskaraldiak: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan…Horretarako, herriz herri antolatuko gara, duike Baztanen ere.

 

Advertisements

Izpegi-Elorrieta-Olate-Izpegi mendi ibilaldia egin dugu

Gure inguruko parajeak ezagutu eta naturaz gozatzeko irteera egin genuen igandean. Eta bidenabar, kirola ere egin genuen, mendi ibilaldia izan baitzen.

Berrogei bat lagun, haur zein heldu, bildu ginen goizean eta Izpegi mendatea izan genuen abiapuntua, 9:30ean. Izpegiko Bentaren gibeletik *Elorrieta mendiko lepora eraman gaituen bideetako bat segitu genuen; bide garbi batetik abiatuz hasmentan eta, ondotik, basoan sartuta. Udaberrian sartuak garen honetan, pagadi berdeen artean ibili ginen.  Basoa gibelean utzita, hondar malda leuna gainditu eta lan handirik gabe  belardiz estalitako Nekaitzeko lepora (815 metro) ailegatu ginen.  Autza itzalaren begiradapean bazkan aritzen dira inguru horietan pottokak. Hurrengo lepoa Olartekoa izan genuen. Geldialdia egin genuen hor, gosaldu eta *Olateko tontorrera igotzeko indarrak hartzeko. Ibilbideko punturik altuena izan zen Olate: 936 m. Paisaia zoragarriaz gozatu genuen kaxkoan: Urrizpilota, Elhorriko Kaskoa eta Nekaitzeko lepoa  ikusten ahal genituen handik. Ondorengoa, berriz Izpegiraino itzuli arteko bidea, maldan beheiti egin genuen.

Hiru ordu inguruko ibilaldia izan zen, aparteko zailtasunik gabea, haur zein helduek egiteko modukoa. Eta ederki pasatu genuen. Eguraldiak ere mesede egin zigun, tenperatura goxoak izan baikenituen lagun.

Esker mila, Jaime, prestatu diguzun ibilbide polit honengatik!

ETIMOLOGIA

*Olate: Ola (mendiko etxola) + Ate. (Mikel Belaskoren hizgitik hartua)= mendiko etxolaren atea

*Elorrieta: Elorri + -eta (ugaritasuna): elorri aunitz dagoen tokia.

Gure ikastola zaharberritzen hasi gara!

ESKER MILA, denei! Ezin lerro hauek idazten hasi auzolanean parte-hartu duzuen guztiei eskerrak eman gabe. Arras kontent gaude Guraso Elkartean guraso zein irakasleen aldetik jaso dugun erantzunarengatik. Gogoz aritu ginen denak lanean ortzegunean eta zeregin aunitz aitzinetu ditugu Haur Hezkuntzako eraikinean obra-lanak hasteko. Eraikina hustu dugu, materiala lekualdatu eta dena dago prest berritze lanak abiatzeko.

Lehen Hezkuntzako eraikinean ere izan genuen zereginik. Batetik, garbiketa eta txukuntze lanak egin genituen eta, bertzetik, areto horian Haur Hezkuntzako gelak prestatu genituen. Izan ere, HHko eraikineko obrek iraun bitartean, gure ttipittoenak areto horian ariko baitira ikasten eta jolasean.

2015eko hazia hasia da loratzen. Orduko lankidetza bere uzta biltzeko bidean da. Eta ilusioz beteta gaude. Lehen urratsa, ortzeguneko auzolana, jada emana dago. Obrak akituta, beste urratsen bat egin beharko dugu -ordukorako ere deituko zaituztegu- eta, ondotik, ikastola berria ikusiko dugu. Gure betiko ikastola, baina berritua!