Category Archives: Uncategorized

KLIKA KORRIKA!!!!

Joan den astelehenean, apirilak 8, eguerdiko 13:30ak inguruan, Baztan ikastolako ikasleak, lekukoa jaso zuten Elizondoko Ziga plazan. Herriko karriketan barna, euskararen aldeko oihuak aldarrikatuz ikasleak, irakasleak eta gurasoak korrikarekin bat egin genuen.

 

Advertisements

GURASOENDAKO TAILERRA, “KOMUNIKAZIOA ABERASTEKO GAKOAK”

Joan den ortziralean, martxoaren 22an, goitiko ikastolan gurasoendako tailerra izan genuen.

Aingeru Oiartzabal psikologoaren eskutik, “Komunikazioa aberasteko gakoak” landu genituen.

Gai honen inguruan, gure seme-alabekin ditugun zailtasunak atzemateko eta oinarri berriak eraikitzeko aukera izan dugu.

 

LARRALDEA SAGARDOTEGIAN TXOTX!

Aitzineko urteetako ohiturari eutsiz, joan de larunbatean, Lekarozko Larraldea sagardotegian ospatu dugu txot denboraldia. Ikastolako irakasle eta gurasoak mahai inguruan bilduta sagardotegiko menu goxoa dastatzeko aukera izan genuen.

Giro ederra sortu zen, hainbat guraso gitarra eta txistuaren doinuarekin alaitu zuten bazkaria.

Esker mila Guraso Elkarteak antolatutako ekintza honetan parte-hartu duzuen guztiei eta heldu den txotx denboraldira artio!

IÑAUTEAK, JEIKI GUZTIOK

Joan den ortzilarean, martxoaren 1an, iñautea ospatu genuen. Aurten Tolosako dianaz mozorrotuta, herririk barna dantzan eta kartari ibili ginen “Jeiki guztiok” diana kantaren soinuarekin.

Bukatzeko, parte-hartzaile guztiak, txokolate goxo-goxoa meriendatzeko aukera izan genuen.

 

ZUHAITZ EGUNA 2019

Otsailaren 17an,  igandea, Zuhaitz Eguna ospatu genuen,  Elizondoko Bailei eremuan.  Eguraldi zoragarria izan genuen oinez joan nahi izan zutenak goizeko 9:00etan Elizondoko plazan  elkartu ziren mendi ibilaldiari hasiera emateko eta bertzeak kotxez joateko aukera izan genuen.

Gogotik aritu ginen haur eta gurasoak aitzurrarekin zuloak egin eta gero, zuhaitz landareak sartzen. Hogei  bat gaztainondo landatu genituen Baztango herri-lurretan. Aurtengo landaketaren helburua, zuhaitz guttiago eta koxkorragoak landatzea izan da eta hurrengo urteetan lur eremu berdinean landatzen jarraitzea aurreikusita dago.

Bukatzeko, Guraso Elkarteko kideak, ekintzan parte hartutako guztioi hamaiketako goxoa eskaini zien.

Eskerrak eman parte hartu zuten guraso guztiei eta laguntzaile izan genituen Tinka energiak, Lizardi garraioak, Betiko leihoak eta itxiturak, Albaitaritza, Citroen garaje Sansiñena, Malkorra eta Baztango Udala.

 

 

PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTSen MUSUA IKUSKIZUNA

Joan den igandean, otsailak 3,  Elizondoko frontoian,  Pirritx, Porrotx eta Marimotots gurekin izan genituen “Musua” izeneko emanaldia eskaintzen.

Urtero bezala, aurten  ere, jende ugari hurbildu zen emanaldia ikustera, giro bikaina sortuaz. Txikiak, kantari eta dantzan aritu ziren gelditu gabe eta beraiekin batera helduak ere animatu ziren.

Guraso elkartetik eskerrak eman Baztango Udalari eszenatokia eta frontoia uzteagatik, Esarte harategiari  eskainitako frito goxoengatik,  Mikel Uhalderi egindako argazki  zoragarriengatik eta bertara hurbildu zineten guztiei, esker mile denei eta datorren urtera arte!!

 

 

SANTA AGEDA IRUDITAN

OLENTZERO ETA MARI DOMINGI GUREKIN

Abenduaren 24an, urtero bezala, Olentzero eta bere laguntzaile Mari Domingi Ilusioa banatzera etorri ziren.

Haur, gazte eta ez hain gazteek egin zieten harrera Zahar Etxeko atean eta, haur dantzariek aurreskua eskaini eta gero, herrian barnako kalejira ikusgarria hasi zuten txalapartaren soinuarekin. Aurtizko joaldunen joare hotsak aitzinean, ikazkinak eta Mari Domingik txistulariak, haur dantzariak, bertsolariak, koplakariak, Elizondoko musika banda Recreo eta jende andana izan zituzten lagun karriketan barna.

Guraso Elkartetik eskerrak eman nahi dizkiegu Elizondoko Herri Eskolari, gaztainak eta sagardoa banatu baitzituzten desfilean,, Falfarak elkarteko kideei, ikastolako parkean eskainitako pintxoengatik eta Foto Menari egindako argazkia politengatik. Eskerrak ere bai, Gabon kantak abestera  animatu ziren abeslariei!!!!!

 

 

OLENTZERO TTIKI IRUDITAN

HERRI KROSA 2018

Joan den igandean,  abenduak 16an,  Eguberritako krosa burutu genuen. Aurten ere,  eguraldi euritsuagatik, Iriarte frontoian ospatu genuen.

Ikastolako Haur Hezkuntzako ttipienetatik hasita Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikaseetara, guztiak gogotik egin zuten laster frontoi barneko zein kanpoko zirkuitoan. Bertze herri eskola batzuetatik ere etorri ziren ikasleak krosean parte hartzera.  Aurten,  6.Mailako ikasleak, ikasbidaiarako dirua lortzeko,  xareto batzuk zozketatu dituzte.

Parte-hartzaile guztiek, oparitzat, merendua eramateko zorro bana jaso zuten eta behin krosa akituta, ohitura den bezala, Guraso Elkarteak hamaiketakoa eskaini zien frontoian bildutako guztiei.

Bukatzeko, eskerrak eman laguntzaile lanetan ibili zineten guraso eta 6.Mailako ikasleei.